Arroila Handia Street View Trekker-a erabiliz egin genuen estreinako bilduma izan zen. Trekker-a, irudiak biltzeko sortu dugun azken tramankulua, bizkar-zorro moduko sistema bat da, oinez soilik irits daitezkeen tokietara joateko aukera ematen diguna. Street View gai denetik Arroila Handia bezalako leku urrun eta irisgaitzetara joateko, mundu guztiak parada ezin hobea du horrelako parajeen edertasunaz eta historiaz gozatzeko.
Arroila Handiko lur malkarra, mendi-gandorrak eta bidezidor pikoak ezin egokiagoak dira Trekker-aren funtzionaltasuna erakusteko. Ezinezkoa litzateke bidezidor estuetatik joatea gure Street View auto, triziklo eta orgatxo tradizionalekin, baina arazorik gabe egin daiteke Trekker bizkar-zorroa eramanez gero. Bere tamaina trinkoari esker, Trekker-ak ez du trabarik egiten eta aise maniobratu daiteke irudiak automatikoki biltzen dituen bitartean. Trekker-a funtzionarazteko Android gailu bat erabiltzen da. Mastaren goialdean 15 objektibo ditu, bakoitza norabide batera zuzenduta; horrela 360 graduko ikuspegi panoramikoak osa ditzakegu.
10 Google kide, 5 Trekker eta ia hiru egun oso behar izan ziren Arroila Handiaren hego-ertzeko bide nagusien irudiak behar bezala hartu ahal izateko. Bi Trekker talde Bright Angel bidean behera joan ziren, Phantom Ranch arrantxoan gaua igaro, eta hurrengo egunean South Kaibab bidean barrena ibili ziren. Beste hiru Trekker talde Arroila Handiaren goialdean geratu ziren, ertz-inguruaren eta South Rim bidearen irudiak biltzen. Gure taldea irudi bila barneratu zen Meteor Crater kraterrean ere, Arroila Handiko parke nazionalaren kanpoaldean.
Google Maps ahal bezain xehe eta zehatz egiten jarraitzeko, Trekker-a gogotik eramango dugu oinez soilik irits daitezkeen leku gehiagotara. Etorkizunean ere, bilduma berriak partekatu nahi ditugu zurekin, munduko txoko paregabe gehiago erakusteko: basabideak, antzinako gazteluak eta beste leku asko.
Irakurri gehiago