Bidaiatu Kenyako lautadetara
Kenya mendiaren iparraldean, Ewaso Nyiro ibaiaren ertzean dago Samburuko erreserba nazionala. Save the Elephants erakundeak 20 urte luzez aztertu ditu lurralde hartako elefanteak. Ezagutu Samburuko paisaia, jendea eta animaliak.
Elefanteak ulertzea eta babestea
Banaka identifikatutako elefanteak
1.450
Grabatutako landa-behaketak
20.655
GPS jarraipen-orduak
845.000
Hemen Spices familiako Pilipili ikus dezakezu; haren abizenak “piperra” esan nahi du swahiliz. Elefante-familiei gaikako izenak ematen zaizkie (adib., errege-familia) eta familia-kide bakoitzari gai horrekin erlazionatutako izen bat (adib., Elizabeth, Henry, Noor). Elefante kumeak haien amaren izenean eta jaiotza-urtean oinarritutako zenbaki-kodeekin identifikatzen dira. Pilipiliren atzean 5 urteko kume bat ikus daiteke, M63.9410 kodea duena. Arakatu tokia.
16 urteko ar hau Ebonyren (2011an isileko ehizak hildako Hardwoods familiako matriarka) semea da. Elefante arrak buru biribilagoak eta gorputz handiagoak dituztelako identifika daitezke. Hazi ahala, kume arrak elefante arren gizartean sartzen dira: familiengandik urruntzen dira eta denbora gehiago igarotzen dute beste arrekin edo eme bila. 30 urte ingururekin, elefante arra arreske egoten da aldizka, ugaltzeko aukerak handituz. Arakatu tokia.
Elefanteak taldekoiak dira oso, eta denbora asko ematen dute bai familiarekin bai beste elefanteekin. Ehunka beste elefante antzeman ditzakete. Ezkerrean Clouds familiako Alto dago haren kumearekin, eta eskuinean Swahili Ladies familiako Habiba (ikusi GPS lepokoa!). Isilpeko ehiztariek haren ama hil zutenean, Habiba zurtz gelditu zen eta Spices familiarekin elkartu zen hark bere kumea izan arte. Alaba atzeko planoan ikus dezakezu, Swahili Ladies familiako Layla eta azken honen kumearekin batera. Arakatu tokia.
Ezagutu Samburuko elefante-familiak
Familia-egitura oso garrantzitsua da elefanteentzat, eta funtsezkoa da familia-unitatea mantentzea elefante-populazioa osasuntsu mantentzeko. Save the Elephants erakundeak 70 elefante-familia baino gehiago identifikatu eta kontrolatu ditu Samburun. Igaro egun batzuk haiekin.
Kenyako elefanteak babesten
Azken urteotan isilpeko ehizak krisi-egoera eragin du Afrikan: 2010-2012 bitartean 100.000 elefante baino gehiago hil ziren. Hori dela-eta, banakoz eta erakundez osatutako talde bat elefanteak babesteko elkartu egin da. Lortu informazio gehiago elefante afrikarraren etorkizuna bermatzeko borrokari buruz.
Lepokoak
Lepokoak
Save the Elephants erakundeak GPS lepokoak erabiltzen ditu aske dauden elefanteen jarraipena egiteko. Elefanteak kontrolatuta, erakundeak mugimendu-ereduen jarraipena egin, portaera-aldaketak aztertu eta banako elefanteen segurtasuna kudea ditzake. Guztira, Afrikako 266 elefanteri jarri die lepokoa STE erakundeak.
Kontrola
Kontrola
Elefanteak lurretik, zerutik eta GPS jarraipenaren bidez kontrolatzen dira. Ikertzaileek orduak ematen dituzte elefanteen portaeraren eta mugimenduaren gaineko apunteak hartzen, eta Lewa Wildlife Conservancy erakundean, esaterako, elefanteen lepokoetako datuak Google Earth-en sartzen dira elefanteen jarraipena ia denbora errealean egiteko.
Patruilak
Patruilak
Elefanteen etorkizuna erabakiko duen gerra bat hasi da Afrikan. Samburun, untxari trebatuak erabiltzen dira mendian dauden isilpeko ehiztarien arrastoa jarraitzeko. Kenya Wildlife Service, Samburuko erreserba nazionaleko basozainak eta Northern Rangelands Trust elkarlanean aritu dira isilpeko ehiztariei aurre egiteko. Emaitza ona lortu dute: 2014an elefanteen jaiotza kopuruak heriotza kopurua gainditu zuen lehen aldiz orain dela sei urte krisia hasi zenetik. Afrikako beste tokietan, borrokak jarraitzen du.
Errehabilitazioa
Errehabilitazioa
David Sheldrick Wildlife Trust erakundeak Afrikako animalia mehatxatuak (elefanteak barne) babesteko lan egiten du. Nairobin, Orphans proiektuaren bidez, zaurituta edo zurtz gelditu diren elefanteei errehabilitatzen laguntzen diete eta, gero, aske uzten dituzte. Zaindari batek 24 orduz artatzen dituenez elefante kumeak, kumeak ondo sozializatzen dira eta, ondorioz, aske uzten dituztenean, bizirik irauteko aukera gehiago dituzte.
Plangintza
Plangintza
Samburuko elefanteek eremu batetik bestera bidaiatzen dute "korridore" izeneko lur-zerrenda finetan barrena. Gizaki eta ibilgailuekin dituzten gatazkek sarri mehatxatzen dute korridoreetan barrena elefanteek egiten duten bidaia. Save the Elephants erakundearen GPS datuak oinarri hartuta, Mount Kenya Trust entitateak lurraldea eta finantzaketa eskuratu ditu lurpeko pasabide bat eraikitzeko, elefanteak salbu bidaia dezaten errepidearen azpitik.
Samburuko erreserba nazionala Kenyako iparraldeko eremu babestua da. Autoz, Kenyako hiriburutik (Nairobi) 6 ordutara dago. Erreserbaren topografiak denetarik erakusten du: ibaiertzeko baso oparoak, sabana ireki eta lehorra, edota mendi aldapatsuak. Ewaso Nyiro ibaiak erreserbaren hegoaldeko muga ezartzen du eta eremu honen bizigarria da: jendearentzako, landareentzako eta animalientzako ura hortik dator.
Samburuko sabana lehor eta beroan, erliebe aldapatsuan eta hurbileko ibaian, animalia asko bizi dira. Otsaila eta martxoa dira urteko hilabete beroenak eta, ondoren, bi euri-sasoi datoz. Paisaia idor hartan dunetako palmondo-zuhaiztiak sakabanatzen dira eta, urrutitik, Koitogor eta Ololokwe mendien siluetak ikus daitezke.
Elefanteak, lehoinabarrak, lehoiak, jirafak eta 450 hegazti espezie baino gehiago ikustera etortzen dira bisitariak Samburura. Eremu honetan bakarrik aurki daitezkeen Grevy zebrek marra finak, tamaina handiko belarri biribilak eta gorputz handi bereizgarriak dituzte. Safaria egitean, Somaliako ostruka, Niloko krokodiloak eta orix talde handiak ikus ditzakezu; animalia guzti horiek basamortura egokituta daude eta halako inguru beroak nahiago dituzte. Arakatu tokia.
Samburu ezaguna da mundu osoan haren elefante-populazioa hain ondo aztertzeagatik. Ikerketak 20 urteko ondarea utzi duenez, bertako elefanteak fidakorrak dira oso eta ibilgailuetara gerturatzen dira, bereziki, Save the Elephants erakundearen ikerketa-kamioira. Elefanteek espazio-memoria aparta dute eta Samburuko erreserbaren mugak ezagutzen dituzte; izan ere, nabarmen lasaiago ibiltzen dira eremu babestuan daudenean. Arakatu tokia
Elefanteek eginkizun garrantzitsua dute inguru honetan paisaia-ingeniari gisa. Zuhaitzetako fruituak jatean eta haziak gorotzaren bidez zabaltzean, haziak barreiatzen laguntzen dute. Elefanteek zuhaitzei azala kentzen diete eta landareen hazkundea geldiarazten dute; ondorioz, beharrezko berpizkundea eragiten dute eta hazi-oinarria sakontzea ahalbidetzen dute. Lehorte-garaian beste animaliek ere erabiliko dituzten zuloak egiten dituzte ur bila. Elefanteek eragin handia dute paisaian.
Save the Elephants 1993an sortu zen elefanteen etorkizuna bermatzeko eta haiek bizi diren tokien osotasun ekologikoa mantentzeko. Nairobin egoitza duen STE erakundeak Afrika osoan lan egiten du elefanteak ulertzeko eta babesteko helburuarekin. Ikerketa-kanpamentu nagusia Samburun dago, non elefanteak lurrean, aske eta GPS jarraipenaren bidez kontrolatzen dituzten. Ikerketan oinarritzen dira plangintzaren eta politiken inguruko erabakiak hartzeko eta gizakiek elefanteekin duten harremana hobetzeko lan egiten dute. Arakatu tokia.
1960ko hamarkadan, Iain Douglas-Hamilton izeneko biologoak hasi zuen elefante basatien jokabideari buruzko lehen ikerketa Tanzanian, elefanteak kontrolatzeko eta zenbatzeko hegazkin arin bat erabilita. 1993an Save the Elephants sortu zuen, eta azkar asko aukeratu zituen Samburuko elefante mantso eta fidakorrak epe luzerako elefante-azterketa berri baterako. Samburun egindako ikerketak elefanteak mehatxatuta bizi direla ulertarazi dio munduari eta espeziearen etorkizuna bermatzeko soluzioak sortu ditu.
Save the Elephants erakundeak ez ditu airetiko ikerketak bakarrik egiten; horrez gain, banako elefanteen segimendua egiten du GPS lepokoen bidez. Elefanteei lasaigarri bat eman ondoren, albaitariek lepoko bat jartzen diete haien kokapena kontrolatzeko. Datu horiei esker, ikertzaileek animaliak nola mugitzen diren aztertu, eta elefante zehatzen bizitzen jarraipena egin dezakete. GPS datuak aztertzean, gainera, Save the Elephants erakundeak gelditasun-alerta automatikoak jaso ditzake elefante baten mugimendua eteten denean. Orain arte, STE erakundeak Afrika osoko 266 elefanteri jarri dizkie lepokoak.
Save the Elephants erakundeak datu kopuru handiak biltzen zituen elefanteen GPS lepokoetatik, baina datuak ikusteko modua falta zitzaien. 2006an, lepokoetatik lortutako datuak Google Earth-en paisaia digital aberatsean gainjartzen hasi ziren, elefanteen mugimenduak hobeto kontrolatu ahal izateko. Egun, Google Earth motorraren potentzia informatikoa erabiltzen dute, 17 urtetan zehar, grabatutako 266 elefanteen bost milioi kokapenak aztertzeko.
Elefanteek, bidaiatzean, errepideekin, etxeekin, baserriekin eta jendearekin topo egiten dute maiz. Gizakien eta elefanteen arteko gatazka arazo larria da elefanteen babeserako, eta elefanteen segurtasuna bermatzeko modu bat elefanteei igarotze segurua eskaintzea da. Elefanteen jarraipen-datuetan oinarrituta, elefanteak zirkulazio handiko errepidearen azpitik salbu ibil zitezen eraiki zen lurpeko pasabidea. Arakatu tokia
Isilpeko ehiza da elefante afrikarren biziraupenerako mehatxu larriena. Elefanteak hortzetan duten bolia eskuratzeko hiltzen dituzte eta, ondoren, bolia mundu osoan saltzen dute. Elefante helduen hilketak eragin samingarria du familia-egituretan eta elefante kume asko zurtz uzten ditu. Isilpeko ehizari aurre egiteko, ehiztariak geldiarazteko zigor zorrotzak ezartzeaz gain, bolizko produktuen eskaria murriztu behar da.
Elefante baten heriotza galera kulturala da Samburuko jendearentzat. Isilpeko ehizak ezegonkortasuna ekartzen du elefanteen ondoan bizi direnen bizitzetara, legez kontrako ehiztariak harat-honat ibiltzen baitira boliaren bila. Northern Rangelands Trust bertako jendea kontratatzen ari da kontserbazio-lanetarako, lurra kontserbazio-eremu bihurtzen eta turismoaren bidez aukera ekonomikoak sortzen; horrez gain, Samburun elefanteek duten balioa erakusten dute.
Basozainak isilpeko ehizaren aurkako gerraren lubakietan daude, eta haien bizitzak arriskuan jartzen dituzte Kenyako elefanteak defendatzeko. Bertako jendeak eta erakundeek ematen dizkieten aholkuei jarraituta, inguruak arakatzen dituzte txakur trebatuen laguntzaz legez kontrako jardueren bila. Lewa Wildlife Conservancy eta Kenya Wildlife Service erakundeen lan sarituari esker, Kenyako iparraldean isilpeko ehiztariek hildako elefante kopurua populazio osoaren % 1era murriztu da: sekulako garaipena elefanteak defendatzeko bataila neketsuan.
Isilpeko ehiztariek elefante bat hiltzen dutenean, zer gertatzen da haren kumeekin? 1977an sortu zen David Sheldrick Wildlife Trust erakundeak animalia behartsuak laguntzen ditu, zurtzak barne. Nairobin duten elefante zurtzentzako etxean, zaindariak elefanteen elikaduraz, ariketa fisikoaz eta talde-sozializazioaz arduratzen dira. Aipatutako zainketa funtsezkoa da gero aske bizitzeko gai diren elefante osasuntsuak hazteko. Sheldrick Trust erakundeak 180 elefante kume baino gehiago hazi ditu. Arakatu tokia
2012an, STE erakundeak Street View Trekker Samburura eramateko eskatu zuen, elefante askeen 360 graduko irudi panoramikoak eskuratzeko. Edonork ezin dezake Samburu bisitatu, baina edonork egin dezake Internet bidezko safari bat elefante hauek ezagutzeko. Elefanteak sarean denon eskura jarrita, ikertzaileek eta defendatzaileek espero dute jendeak elefanteekin konexio estuagoa eta haien etorkizuna bermatzeko lanean konprometitzeko gogoa izatea.
Samburun elefanteak salbatzea
Samburuko elezaharrek pertsonen eta elefanteen arteko jatorri partekatuaz hitz egiten dute eta, azken 20 urteotan, toki hau izan da Save the Elephants erakundearen operazio-basea. Ikusi datuetan oinarritutako ikerketak espezieen kontserbazioan izan duen eragin iraultzailea.
Iain Douglas-Hamiltonen mezua
Orain dela 50 urte, mundu miresgarri batera iritsi nintzen Manyara lakuko (Tanzania) elefanteak aztertzen hasi nintzenean. Animalia bikain hauek eta haiek bizi diren paisaia apartek betiko txunditu ninduten: baso sakonak, lautada erraldoiak, ibai bihurriak, lakuak, sumendiak eta laba-isuri gordinak; basoa, basamortua eta mendi-gailur altuak.
Samburu da paisaia horietako bat eta, niretzat, preziatuena, etxe sentitzen baitut. Hunkitu egiten nau maite dudan tokia Street View-en partekatzea, eta edonongo jendeak elefanteen hedadura arakatzeko bidaia digitalak egin ditzala. Espero dugu area hau Google Maps eta Google Earth bidez ezagutzeak elefanteak hobeto ezagutzen lagun zaitzala, eta ezagutza haien aldeko ekintza bihur dadila.
Elefanteek, eta beste animalia basati askok, gure laguntza behar dute. Izadiaren distirari gure ondoan bizirik irauteko aukera eman behar diogu. Samburuko elefanteak sarera igo ditugu jendeak "ezagutu" ditzan, haien habitataren edertasuna ikusi eta elefanteak babesteko premiazko ekintzak behar direla uler dezan. Izadiko bizilagunak zenbat eta gehiago ezagutu, orduan eta gehiago lagun diezaiekegu planeta honetan bizirauten eta aurrera egiten. Lagun iezaguzu Afrikako elefanteak babesteko borrokan.
—Iain Douglas-Hamilton, doktorea, CBE
sortzailea, Save the
Elephants
2015eko irailaren 15a
Igaro egun batzuk Save the Elephants erakundearekin
Airetiko ikerketak eta GPS lepokoak erabilita, munduan elefanteak ikertzen dituzten lehen erakundeetako bat da STE. Ezagutu elefanteentzako etorkizun seguruagoa lortzeko borrokan bizitza eman duten zientzialari eta defendatzaile saiatuen taldea.
Lortu informazio gehiago

Elefanteen etorkizuna bermatzea, haiek bizi diren tokien osotasun ekologikoa
mantentzea, jendeak elefanteen adimenaz eta haien munduaren aniztasunaz gozatzea
eta bi espezieen arteko harreman tolerantea ezartzea da Save the Elephants
erakundearen helburua.
savetheelephants.org

Kenyarekin maitemindutako familia batek sortu zuen David Sheldrick Wildlife Trust. Egun, erakundeak zurtz gelditzen diren elefante kumeak erreskatatu eta errehabilitatzeko programa arrakastatsuenetako bat du, eta Afrika ekialdean animaliak eta haien habitata babesteko lan egiten duten kontserbazio-erakunde aitzindarietako bat da. sheldrickwildlifetrust.org

Lewa Wildlife Conservancy, komunitate-kontserbazioaren munduan, katalizatzaile eta eredu saritua da, UNESCOren Gizateriaren ondare deklaratua, eta ondo babestutako eremuen International Union for the Conservation of Nature entitatearen zerrenda berdean agertzen da. Kenyako iparraldean, Lewa animalien kontserbazioaren, garapen iraunkorraren eta turismo arduratsuaren muina da. lewa.org

Lehen gizakiak bizi izan ziren jada Samburu lurraldean, eta bertako gobernuak jendearen, animalien eta lurralde honetako paisaia geografikoaren ongizatea hobetzeko lan egiten du. Ekonomian, azpiegituretan, hizkuntzan eta animalien babesean oinarritutako proiektuen bidez, Samburuko gobernuak lurraldearen irisgarritasuna eta segurtasuna hobetzeko konpromisoa hartu du. samburu.go.ke

KWS erakundearen helburua lurreko azken espezie eta toki harrigarriak salbatzean
da. Kenyako animaliak eta haien habitatak modu iraunkorrean kontserbatzeko,
kudeatzeko eta hobetzeko lan egiten du, bai eta, interesdunekin elkarlanean,
erabilera publiko zabala emateko ere, iraun dezaten.
kws.go.ke

Google Earth Solidarioa programak Google Earth-en eta Google Maps-en ahalmena baliatzen laguntzen die mundu osoko irabazi-asmorik gabeko eta onura publikoko erakundeei, hainbat arlotan egiten duten lan garrantzitsua erakuts eta defenda dezaten. Earth Solidarioa proiektuek ingurumena, kulturaren babesa, lan humanitarioa eta beste alderdi asko lantzen dituzte. google.com/earth/outreach